
Aita Manuel Larramendi Andoainen jaio zen 1690ean, eta 1766an hil zen Loiolan.
Larramendi euskararen apologista sutsua izan zen. Hala ere, ia lan guztiak gazteleraz idatzi zituen. Euskaraz dauden lanen artean zenbait gutun eta hitzaurre besterik ez dauzkagu. Larramendik estilo pertsonala eta ironikoa zuen. Oso idazle ona eta oparoa izan zen, eta horregatik, hainbat idazlek jarraitu diete haren urratsei.
HIZTEGI ELEHIRUDUNA (euskara-gaztelera-latina)
Larramendiren hiztegia, “benetako lan paregabea” L. Villasanteren iritziz, hitzaurre oso luze bat du eta Loiolara erretiratu zenean idatzi zuen autoreak. Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiaren Hiztegia argitaratu berria zela, Larramendik oso-osorik euskaratu nahi izan zuen, erdaldunei euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko. Hitzak gaztelaniazko alfabetoaren arabera antolatu zituen, Real Academiaren hiztegiaren irizpideei jarraiki.
Herriz herri galdetuz eta liburuak arakatuz hitz andana bildu zuen. Egun ere lan erraldoia iruditzen bazaigu ere, Larramendiren ohiko xelebrekeriak ere ez dira falta hiztegiko hitzen artean. Erdal etorkiko hainbat hitz euskal hitz jatorrak balira bezala aurkezten ditu (alferez: alfer-ez, soldadua baino langileagoa delako). Hona hiztegitik hartutako adibide gehiago:
- abollatu « abollar » : « Viene de el Bascuence bollá, que significa el batán que tunde y golpea los paños ; o de boillá, redondo ».
- agasajo « agasajo », agasajatu « agasajar » : « Agasajar, de agasajo, y esta voz de el antiguo castellano gasajo, cuyo origen puede ser de el bascuence guizagajo, hombre digno de lástima ; y esta expresión, con que recibimos a los que llegan maltratados de el camino… ».
Jakintza adigaiak (unibertso, astronomia, matematika, eta beste) eta euskararentzat ezezagunak ziren objektuen izenak (polbora, txokolatea, tabakoa) izendatzeko, hitz berriak asmatzeko beharrean aurkitu zen.
Askotan, zaila da jakiten zein hitz diren herriaren ahotik jasoak eta zein berak asmatuak. Larramendiren irudimenari esker sortutako hitz batzuk, egungo euskaran erabiltzera iritsi dira, hilezkor eta garrantzi, esaterako. Asmatu zituen neologismo horiek, hala ere, berak ez zituen inoiz erabili eta bere jarraitzaile gehienek ere ez. Hona hemen aipatutako neologismoen adibideak:
- abrebasle « quatrero, ladrón de bestias » (abre « bestia » + ebasle « ladrón »)
- arlatx « vinagre » < DAut « Es compuesto de las dos voces, Vino y Agrio » (ardo « vino » + latz « agrio »).
Hala ere, garaiko euskal idazlanetan aldaketa nabari da hiztegia argitara eman zenetik: Idazleak hitz berrien sorkuntzarako baliabideak gehiago erabiltzen hasi ziren, gaztelaniara eta frantsesera hainbeste jo gabe.
Iturriak:
- http://lapurdum.revues.org/index882.html 2010/04/18
- http://eu.wikipedia.org/wiki/Manuel_Larramendi 2010/03/16
- http://www.euskomedia.org/aunamendi/85863?op=7&&epi=63206&idi=eu 2010/03/16
- http://www.hiru.com/euskal_literatura/euskal_literatura_00950.html 2010/03/16